Museo del Queso | Degustación de Queso | Visita a Quesería cerca de San Sebastián

  • idiazabal01

  • idiazabal02

  • idiazabal03

Igandea, 23 Uzt 2017

Idiazabalgo historia

historia-elizaLehenagoko beste aztarna batzuen ezean, giza jardunaren agerpenik antzinakoenak, Idiazabalen, mendi aldeko trikuharri eta tumuluak dira: Dorronsoroko Jentilzuloa edo Urrezuloko Armurea, Atxurbi, Praalata, Aitxu, Napalatza, Unanabi, Etxegarate, Bidarte, Zorroztarri.... Kristo aurreko 3200 eta 1300 urteen arteko jendeek hildakoak lurperatzeko erabili bide zituzten Brontze Aroan. Hilobi horietan, garai hartako lanabes eta apaingarriak aurkitu dituzte.

Feudalismo garaian, XII. mendearen hondarreko dokumentu batean, herriaren gaur egungo izena lehenbizikoz idatzita ageri da (1199. urtea).

Eliza, mende oparoetan egin edo osatu zen. XVI-XVII. mendeetan eraikina bera (gotikoa) eta XVIII.eko hasieran korua, erretaulak eta irudiak.

Idiazabalek 1860. urtean 1.716 bizilagun omen zituen. Gehienak baserrietan bizi ziren (kalean 30 bat etxe zeuden eta, horietatik ere, ia denak baserriak izango ziren). Baina, XIX. mende horretan sartzen hasi ziren berrikuntzak gizarte tradizionalaren homogeneotasuna zartatzen joan ziren eta baita beraren krisia ekarri ere.

Baserri ekonomia ez zegoen gehiagorik emateko moduan eta herriko seme askok Ameriketako bidea hartu behar izan zuten XIX. mendearen bukaera aldera eta hurrengoaren hasieran. XX. mendearen hasieran, gerora ezinbesteko zerbitzu bihurtu diren batzuk jarri ziren; gizarte berriaren erakusgarri dira: elektrizitate indarra, kanileko ura, plaza berria, kanposantu berria, eskola berria... Ameriketan aberastu eta herrira bueltatutako indiano batzuk bultzatu zituzten horietako asko; palazio itxurako bere etxe zein baino zein dotoreagoak ere egin zituzten herrian: Altolagirrerenea (Txomenarenea), Floreaga...

Baina erabateko aldaketa 1936-39ko gerra zibilaren ondoren etorri zen. XX. mendearen bigarren zatian, urte gutxiren buruan, Idiazabalen izaera zeharo aldatu da. Gipuzkoako beste leku batzuetan bezala, industria berriak bizibide berria ekarri zien baserria uztekotan zirenei: Patricio Echeverría (1942), Ampo (1964) eta Jaso (1975) enpresa handiak eta zenbait lantegi txiki sortu ziren Idiazabalen. historia-artzaina
Baserrietako jendea industriaratu egin zen eta baita kalera bizitzera joaten hasi ere; era berean, urrutiko eskualde batzuetatik ere (Gaztelatik, Galiziatik...) emigrazioa gertatu zen Idiazabala eta Goierriko herri askotara.

Garai horretan egin ziren Plaza eta Udaletxe berriak (1955 inguruan) eta Mediku Etxea. Baserriak hustearekin batera etorri zen, beraz, kaleko gunearen zabalpen handia eta -1962. urtetik aurrera, batez ere- langileentzako etxe mordoa egin ziren.

Baserria kale girora gerturatu eta ekartzeko giro berriarekin bat etorriz, Urtsuaran –aurreko mendean Seguraratua- Idiazabalgo barrutian sartu zen 1947an; horrela, kalearekiko lotura zuzenagoa izan zuen.

GAZTAREN INTERPRETAZIO ETA DEGUSTAZIO ZENTROA
Kale Nagusia 37 behea
20123 IDIAZABAL (Gipuzkoa)
Tel: 943 18 82 03
E-mail: info@idiazabalturismo.com

clock Ordutegia facebook Facebook twitter Twitter