Izal xaguak museora ongietorria emateaz gain, ikus-entzunezko baten bidez azalduko dizkigu Idiazabal gaztaren historia, nola egiten den eta beste gauza asko.
Betiko artzain txabola baten erreprodukzioari esker, garai batean gazta egiteko erabiltzen zituzten tresnak ezagutuko ditu bisitariak. Bertan dauden bi ukipen-pantailek, erakusketako lanabes batzuei buruzko informazioa eta funtzionamenduari buruzko azalpenak osatzen dituzte.
Mendietako larre berdeekin eta artzainen jakituriarekin batera, ardiak Idiazabal Jatorrizko deitura duen gaztaren ezaugarrietako bat dira. Euren tipologia bereziagatik eta bertako artzainekin duten milaka urteko harremanagatik, ardiok Euskal Herriko paisaiaren ikurretako bat dira.
Aralar eta Aizkorri-Aratz parke naturaletako mugen barruan, artzaintzak garrantzi handia izan du Historiaurretik. Hala, gaur egun 65 artzain familiak baliatzen dituzte ingurumari horietako larreak, bakoitzak bere ardi latxa taldearekin eta artzaintza sistema tradizionalari eutsiz.
Latxa eta Karrantza motetako ardien esne gordinarekin egiten da, Euskal Herriko mendialdeko artzainek antzinatik belaunaldiz belaunaldi ikasi duten eran. Gaur egun gazta ospetsuak egiteko produkzio prozesu moderno eta oso kontrolatua erabiltzen badute ere, produktuak ez du galdu betidanik izan duen artisau ukitua eta zaporea.
Idiazabalen maiatzeko lehen asteburuan ospatzen den “Euskal Gaztaren Azokari” eskainitako gunea.
“Idiazabal Gazta” jatorri-deitura 1987an sortu zen ardi latxa eta karrantzakoen artzainak eta benetako IDIAZABAL gaztaren ekoizleak babestu, eta kontsumitzaileari bere jatorria eta kalitatea bermatzeko xedearekin.
Gazta dastatzeko gunean gure ezagutzak sakondu eta praktikan jarriko ditugu. Dastaketa ikastaro erraz batek Idiazabal jatorrizko deitura duen gazta dastatzean kontuan hartu behar ditugun oinarrizko puntuak erakutsiko dizkigu.